XIX.mendeko ur-biltegiak ezagutzeko ate irekiak eta bisita gidatuak

2013ko ekainean Uliako Auzo Elkarteak Ate Irekien Egunak antolatzea erabaki zuen, herritarrei eremu berezi hau ezagutarazteko asmoz. Eremu hau irekitzeko eskaera administrazio-prozedura motel batek blokeatu zuenez, egun jakin batzuetan hainbat orduz irekitzeko baimenak eskatzen hasi ginen, herritarrei gunea irekitzeko eta ur-biltegiak bisitatu ahal izateko.

Ate Irekien lehenengo eguna 2013ko ekainaren 23an egin genuen, eta espero genuena baino askoz ere harrera eta erantzun hobea jaso zuen. Ulia, Intxaurrondo eta Groseko bizilagun ugari hurbildu ziren lehen landare-mintegi izandako eremuaz gozatzera, eta oso gogo onez eta ilusioz hartu zituzten ur-biltegietako bisita gidatuak.

Antolatu izan ditugun Ate Irekien Egunak mota askotakoak izan dira. Horietatik gehienak herritarrei zuzendutakoak izan dira, aldez aurretik emailez izena emanda. Bisitarako taldeak 24 ordutan osatu izan dira. Baina, herritarrei zuzendutakoak ez ezik, bestelako bisita berezi batzuk ere antolatu izan ditugu: arkitekto-elkarteei (Atari, COAVN) zuzendutakoak; Bestelako gizarte-taldeei (auzo elkarteei eta ingurugiro-elkarteei) zuzendutakoak; Gizaide auzoko zentro terapeutikoari eskainitakoa ere egin genuen. Bisita hauei esker hainbat pertsonak eta elkartek osatutako elkarlanerako sare bat sortzea lortu dugu. Esate baterako, gaur egun ur-biltegietara egiten ditugun bisitak Atarirekin (Kultura Arkitektonikoko elkartearekin) batera egiten ditugu: beraien ezagutza eta ikuspuntu teknikoari esker bisita gidatuak aberatsagoak dira, izan ere, bertaratzen direnei xehetasun tekniko garrantzitsuei buruzko azalpenak ematen dizkiete, Donostiako uraren historia hobeto ulertarazteko.

ur-biltegian-sartzeko-kaskoakAzpimarratzekoa da bisita horietan parte hartu dutenen erantzuna: guztiak harritu dira ur-biltegiak lehenengo aldiz ikustean, horrelako toki berezi gutxi baitago inguruko beste hirietan. Erantzun hau sari bat izan da elkarteko kideontzat, izan ere, asteburu guzti hauetan ekimen honi eskaini baitiogu gure denbora, bai bisiten aurretik egin beharreko lanek eskatzen zutena, bai bisita bakoitzak eskatzen zuena: baimenen eskaera kudeatu behar izan dugu Udaletxean, eta ez da lan erraza izan. Bisita egiteko eskaera egina zutenekin harremanetan jarri; Bisitetan banatu dugun informaziorako materiala sortu; Ezinbestekoak diren segurtasun-neurriak hartu; Talde bakoitzarentzat buruko kaskoak eta linternak lortu, e.a. Atal honetan, berriz ere aipatu nahi dugu Antton Larratxaunen laguntza ordainezina. Eremu honen zaintzaile da bera, eta toki berezi honi buruz, eta, orokorrean, Donostiako urei buruz duen ezagutza paregabea da. Asko ikasi dugu berarekin, eta berari zor diogu, neurri handi batean, ekimen honen arrakasta.

Laburbilduz, Uliako Auzo Elkartea harro dago herritarrei altxor arkitektoniko hau — donostiar guztion ondare — hurbiltzea lortu duelako. Harro dago, era berean, aukera honetaz baliatu diren donostiar guztiek gogo onez hartu dutelako ekimen hau, eta horietatik gehienak eremu honetarako bultzatu nahi dugun proiektuaren alde agertu direlako. Ate Irekien Egunen ekimena partaidetza, elkartasun eta hiriko ondasunaren aldarrikapenaren adibide polita eta benetakoa izan da.

XIX. mendeko ur-biltegiak ikusi nahi ez gero izena eman eta ate irekiak edo bisita gidatuak antolatzen direnean zurekin harremanetan jarriko da Uliako Auzo-Elkartea.