Uliako Lore-Baratzak proiektua

uliakolorebaratzak_logoa“Lore-Baratza komunitarioak hiri nekazaritza oinarrizko jarduera
bezela duten gizarte-elkarrekintza gune publikoak dira.”

Gure proiektua komunitatearentzako baratze-lorategi bat abian jartzea da, horretarako, Uliako udal mintegia zaharrak zeuden tokia erabiliz. Asmoa eremua behin-behineko izaeraz aprobetxatzea da, toki horretarako udalak hirigintza planik garatzen ez duen bitartean.

2008an mintegi izateari utzi zionetik etxalde hau itxita egon da, eta urteak eta urteak eman dira inongo erabilpenik gabe. Gaur egungo egoera ekonomikotik eratorritako arazoei aurre egiteko aisialdi kontziente eta eraikitzailea gauzatzeko gune baten beharra ikusten genuen auzoko hainbat sektorek (familiak, langabetuak, gazteak, erretiratuak…). Izan ere, barazkiak, loreak eta landareak haztea zen garai batean egiten zen jarduera eta, beraz, lurra prestatuta zegoen horretarako. Gainera, hiriarentzat balio historiko handia duen parke atsegin batean paseatzeko aukera ere emango liguke.

Urteak eman ditu Uliako Auzo-Elkarteak Donostiako Udalari etxalde hau komunitateari irekitzeko eskakizunak egiten eta, zentzu horretan, Uliako Lore-Baratzak ekimena eskaera horiei bateratuko zitzaion. 2013ko otsailean aurkeztu genion udalari, lehen aldiz, gure egitasmoa eta urte hartan baimena lortu ez izan arren, lanean jarraitu genuen. Horrela urte bereko ekainean “Ate Ireki” jardunaldiekin hasi ginen, donostiar guztiei parkea eta bere altxorrak erakustsi ahal izateko eta, bide batez, gure egitasmoa aldarrikatzeko. Azkenik udalak entzun zituen gure eskaerak eta 2014ko abenduan konkurso publikora atera zuen lursailaren erabilera. Uliako Auzo-Elkarteak 2015ean lortu zuen parkeko giltzak Uliako Lore Baratzak martxan jartzeko aukera.

Auzo-Elkarteak parkea kudeatzeko batzorde bat sortu du. Lursaila bere osotasunean herritar guztientzat irekita egotea da asmoa ahal den denbora gehien, eta baratze guneak antolatzeko aukera bat baino gehiago proposatzen ditugu. Aplikatuko den araudia parte hartzaile guztien artean eztabaidatzen da. Oraingoz zenbait kajonera besterik ez daude martxan, baina laister libre dauden bankalak inguruko elkarte, eragile eta taldeei eskeiniko zaizkie. Honetaz gain, auzo konposta gune bat ere jarriko da martxan.

Parkea irekiz, Ulian jendeak elkar ezagutzeko eta bizitzeko topagune bat lortu nahi da. Espazio publikoaren beste kudeaketa bat egitea posible dela erakutsi nahi dugu, eta gure elikagaien jatorria, eta dugun nekazaritza ereduaren ausknarketa izango dira baratza mugimenduaren ardatz. Bioaniztasun handiko lorategia dugu, eta honek ingurugiro heziketarako leku aproposan bilakatzen du, bertako zuhaitzak zaindu eta negutegieak erabiliz, biziz eta kolorez betetzen parkea.

Eta hona hemen proiektuaren helburuak:

  • Parke publikoa izatea. Eta horretarako irekiera beramatzea bizilagunen elkarlanarekin.
  • Ulian hiri-nekazaritza eta lorezaintza lantzea, auzotarren gozamenerako eta hezkuntzarako.
  • Herri eragile eta taldeei baratze-topagune bat eskeintzea, kajoneren erabilerekin.
  • Auzo-konposta egitea parkean bertan aprobetxatzeko.
Advertisements