XIX. mendeko ur-biltegiak: Soroborda eta Buskando

Donostiako lehenengo ur-biltegiak Ulian eraiki ziren. Bai, Ulian kokatzen dira Donostiako historia osoan eraiki ziren lehen ur-biltegiak. Ordura arte hiria Morlans eta Uliako iturriekin moldatzen zen, baina biztanleriak gora egin zuen Donostian eta ur beharrak ere bai. Soroborda biltegia 1869an jarri zen martxan (7.000 m3) eta handik 30 urtera aurrekoa baino handiagoa den Buskando ur-biltegi berria eraiki behar izan zen (10.000 m3).

Soroborda, errepideko errebueltatik gertu dagoen ur-biltegia, planta karratukoa da, guztiz lur azpian aurkitzen da eta ez du bisitaririk onartzen sarrera nahiko bihurria delako.

Buskando ur-biltegia, aldiz, askoz zabalagoa eta eremu honetara sartzea errazago da (bi nabeak banatzen dituen pasabide batetik igaro ondoren beherantz eramaten gaituen eskailera bat dugu). Hasieran irekia zen, baina beranduago harri landuzko hainbat arku eraiki zituzten sabaia eusteko. Sabaia mantentzen duten arku guzti horiek ikusten ditugunean katedrala txiki batean gaudela dirudi. Ur-biltegi hau ez da lurpean aurkitzen. Albo bateko horma parkeko bidearen parean aurkitzen da, eta goi aldean dituen lehioek argitasun berezi bat ematen dio ur-biltegiari.

Baina, Donostiako hazkunde demografikoaren ondorioz (1900ean 38.000 biztanle izatera heldu zen), Txoritokietako ura ere ekarri behar izan zen Buskando ur-biltegiraino. Geroago beste biltegirekin batera 1982ra arte erabili izan zen.

This slideshow requires JavaScript.

Orain ez du erabilpenik, baina ondo kontserbatuta dago. Aranzadi Zientzia Elkarteak, hain zuzen, kontserbazio egoera bikaina duten bi ur-biltegiak hiriko balio arkitektoniko nabarmenetarikoak eta XIX. mende bukaerako arkitektura publikoaren eredu interesgarria zirela azaldu zuen. Aranzadiko txostenak  Donostiak gorde beharreko ondare elementuak direla biltegiak, bai eta uraren kulturaren eta baliabide naturalen iraunkortasunaren lekuko paregabe ere ondorioztatzen zuen.

Buskando ur-biltegiko panela

Buskando ur-biltegiko panela

Soroborda ur-biltegiko panela

Soroborda ur-biltegiko panela

Uliako Lore-Baratzak egitasmoaren barne, ur-biltegien balioa ezagutarazi eta hauek kokatzen diren 14.450 m²ko lore-mintegien eremua herritarren erabilera eta gozamenerako irekitzea du helburu. Honela, XIX. mendeko ur-biltegiak ezagutzeko ate irekiak eta bisita gidatuak antolatzen dira.

Informazio gehiago Wikipedian aurki dezakezue: Buskando eta Soroborda ur-biltegiei buruzko sarrerak daude.